XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egundoko laudorioak egiten ziren nitaz, eskaera-egileen aurrean erakusten nuen pazientziarengatik, eritetxe militarretako gaisoei egiten nizkien bisitengatik, edo etxera itzulitako gudari-ohiekin atxekitzen nuen senitartekotasun adiskidetsuarengatik.

Jokabide hura ez zen, baina, bat ere berria nigan, trataera berbera emana bait nien neure bizitza osoan barrena bai neure zerbitzariei bai neure etxaldeetako kolonoei.

Izan ere, gutariko bakoitzak uste den baino bertute gehiago izan ohi bait du, baina arrakastak bakarrak ekartzen ditu bertuteok argitara, beharbada jendeak, egoera berrira iragan orduko, bertuteoi muzin egingo diegula pentsatzen duelako.

Gizakiek, munduko nagusi bat ergelkiro nagi, harroputz edota anker huts ez dela ikusi eta txunditzen direnean, orduantxe jartzen dituzte agerian beren ezkutuko ahuleziarik okerrenak.

Uko egina nien titulu guztiei.

Neure agintealdiko lehenengo hilabetean, Senatuak, nik aldez aurretik ezer ez nekiela, zenbait enperadoreren lepo inguruan, txal farfailtsu bat bailitzan, esegi ohi den ohorezko aipamenen zerrenda luze horietako batekin apaindua ninduen.

Dazikoa, Parthikoa, Germanikoa: Trajanok oso gogoko zituen gerla-musikazko soinu eder haiek, partar erregimenduetako zinbalo eta danborrek sortzen dituztenen antzekoak; hari, nonbait, halako oihartzunen batzu, halako durundioren batzu, berpizten bide zizkioten; ni neu, ordea, narritatu edo zorabiatu besterik ez ninduten egiten.

Guzti hura ken zezatela agindu nuen; arbuiatu nuen, baita ere, hasiera batean behintzat, Aberriaren Aita delako titulu miresgarria, Augustok berak ere oso berandura arte onartu ez zuena, ez bait nintzen hura neureganatzeko duin sentitzen oraindik.

Gauza bera egin nuen triunfoari zegokionez ere; (...).